albisteak

"Zikloa bete dut"

2017/11/21 - Atzo jakin genuen Josu Larreategik ez zuela EBA mailako taldea zuzentzen jarraituko. Gaur, lasaigo, berakin egoteko atrtea hartu dugu.

EBA. EBA taldeko entrenatzaile izateari utziko diozu. Zergatik?
Egia esan, klubaren gorengo taldearen entrenatzaile postuan ziklo bat bete dudala uste dut. Ziklo horrek zortzi urte iraun ditu, eta ez dira gutxi. Ibilbide luze honetan hainbat bizipen izan ditut. Saskibaloi jokalari baten kirol ibilbidea aberatsa izateko esperientzia berriak behar ditu, lan metodología desberdinak, joko eredu desberdinak, lidergo eredu desberdinak, entrenamendu desberdinak,… Eta guzti hori lortzeko, hainbat entrenatzaile, talde, hiri, zuzendaritza, zale, komunikabide,… ezagutzea ezinbestekoa da jokalariarentzat. Agian norbaitek pentsatuko zuen betirako egongo nintzela postu horretan, baina hori ez da izan inoiz nire asmoa eta ez dut uste egokia izango litzatekeenik. Erabaki hau hartu dut, oraindik denboraldia amaitzeko asko falta delako eta entrenatzaile berriak bere ideiak martxan jartzeko denbora izango duelako, eta epe motzean ziurgabetasuna sortuko duelako jokalarien artean. Gutxien jokatzen zutenek aukera bat izan dezaketela uste izango dute agian, eta estatus handiagoa zutenek erakutsi beharko diote hori horrela izaten jarraitu behar duela entrenatzaile berriari. Ideia hauekin elkartu nintzen zuzendaritzarekin, nire arrazoiak azalduz eta onartu egin zuten erabakia.

-Denboraldi honetan lehen mailako taldearen emaitzak ez dira onak izan orain arte. Zelan ikusten duzu taldea?
Orain lau urte taldeak EBA mailari igotzea lortu zuenean, bagenekien ibilbide erraza ez zela izango. Liga honetan beterano asko dago, esperientzia handikoak goragoko ligetan, eta hau nabari da jokoan. Ointxe!-n gogor lan egin dugu jokalarien esperientzia eskasari aurre egiteko, lehiakorrak izateko eta kantxa guztietan harro erakusteko gure ezkutua. Guztion ahalegina eta konpromiso handia eskatu du honek. Jokalariek gogoko duten maila honetan jokatzeko, beste taldeek baino ahalegin handiagoa egin behar izan dugu. Uste dut, beste ikuspuntu batetik balioetsi behar dugula egiten dena. Matematiketan, erraztasunik izan ez eta ahalegin handia eginda bosteko bat lortzen duena, neurrian balioetsi behar dugula uste dut; ahalegindu barik eta erraztasuna izanda, zortzikoa atera duen horri baino balio handiagoa ematen diot nik. EBA taldearekin ere antzeko zerbait gertatu dela uste dut, beti ere zorrotza izanda. Taldea ez dut gaizki ikusten. Zorte apur bat izanda, bigatik galde genituen bi partiduak irabazi izan bagenitu, sailkapeneko erdiko postuetan kokatutako talde bat izango litzateke. Taldeak pare bat emaitza on behar ditu, dinamika aldatzeko. Badago taldea. Tekla egokia jotzea bakarrik falta da.

-Ibilbide luzea egin duzu EBA mailan. Momentu gazi-goxoak biziko zenituen.

Ibilbide luze honetan denetariko bizipenak izan ditut taldearekin. Baina ni oso baikorra naiz eta beti alde ona ikusten ahalegintzen naiz. Gainera denborarekin, beste modu batera ikusten dira gauzak, autokritikarako gaitasun handiagoa daukat, eta beti arazoak ez dira sortzen alde baten erruagatik. Tentsiodun momentuak egon dira, jokalari edo taldearentzako onena zela pentsatuta, makina topera jarri behar nuela uste nuelako. Min handia egin diguten porrotak jaso ditugu. Baina saskibaloian, jokalarien eta entrenatzaileen tristura eta alaitasuna oso ari finak banatzen du. Horregatik, garrantzitsuagoa da, porrot bati zelan erantzuten diozun porrota bera baino.

-Dena dela, Ointxe! klubean hasi zenuen ibilbidea ez da hemen amaitzen.
Orain zortzi urte, Ointxe! familiako kide izatea proposatu zidatenean, nire eginbeharra ez zen lehen mailako jokalariekin lan egitera mugatzen. Nire egitekoak gehiago ziren. Urte hauetan, nire egitekoak, Gorka Zurutuza, kirol zuzendariarekin batera adostutakoak izan dira; azpimarratu kirol zuzendaria egiten ari den lan bikaina. Saski eskolaren sorrera, klubean lanerako metodologia berri bat txertatzea, nesken saskibaloi taldeen eraketa, entrenatzaileen formazioa, teknifikaziorako jardunaldiak, udalekuen antolaketa,… Guzti hau gauzatzeko, beste makinatxo bat kolaboratzaileren laguntza izan dugu, eta itzalean hauek egiten duten lana ere aipatu nahiko nuke. Hemendik aurrera ere jarraituko dugu klubaren beharrak identifikatzen eta hauei zelan aurre egin asmatzen. Oraingoz, beheragoko mailetan jarraituko dut pasio dudan saskibaloia erakusten.

Ointxe!

Compartir:
facebook twitter yahoo! google meneame

azken albisteak