albisteak

Errege magoei eskutitza 50. urteurrenean

2018/01/06 - Ilusio handiz antolatutako IDK Gipuzkoa eta Araski taldeen arteko lagunarteko partidua bertan behera

50. Urteurrena. Gabonetan eman diegu hasiera Ointxe! klubaren 50.urteurreneko ekitaldiei. 50 urte saskibaloia sustatzen eta bereziki kirola eta beronen baloreak zabaltzen Arrasateko neska-mutilen artean; entrenatzaile, kolaboratzaile eta zuzendaritzako kideek urte guzti hauetan beraien aisialdiko denbora eskaini diote saskibaloiaren baloreetan oinarritutako heziketari, lagunartea, errespetua, lana eta ahalegina bezalako baloreak oinarri hartuta.

Abenduak 23an, goizeko 9etan hasi eta gaueko 9ak arte, 400 neska-mutil elkartu ziren Iturripen Gipuzkoa mailan urtero egiten den saskibaloiaren festan. Harrobiko jokalariek astero egiten duten lana ikusteko aukera izan genuen giro paregabean, eta arrakastaren erakusle, Gipuzkoako Saskibaloi Federaziotik jasotako zorion mezua.

Abenduak 28an, 3x3 txapelketa antolatu genuen eskualdeko gaztetxoendako. 50 neska-mutil elkartu ziren beraientzat benetan erakargarria den saskibaloi modalitate honetan jokatzeko. Benetan arrakastatsua!

Eta oporraldi hauetan saskibaloiaz gozatzen jarraitzeko azken zita, urtarrilaren 3an antolatu genuen lagunarteko goi mailako partidua, Araski eta IDK Gipuzkoa taldeen artekoa. Lehenago aipatutako bi hitzorduetan, harrobiko jokalariak saritu nahi izan genituen, eta azken honetan emakumezkoen saskibaloia ikustarazi nahi genuen, Iturripera Liga Dia-ko bi euskal talde gonbidatuta. Aukera paregabea, gure herrian goi mailako saskibaloiaz gozatzeko!

Antolakuntza ez zen erraza izan; Gipuzkoako Federazioaren laguntza izan genuen eta baita aipatutako Araski eta IDK Gipuzkoa taldeena ere, beti prest laguntzeko. Ointxe!ko ekitaldien antolakuntzez arduratzen den lantaldeak gogoz hartu zuen erronka, urtarrilak 3a laneguna zela jakinda ere.

Klubeko lehen ordezkariak arratsaldeko 6etan gerturatu ziren Iturripera, guztia aurrez prest izateko. Orduan konturatu ziren kondentsazioaz, eta berau arazo izan zitekeela partidua jokatzeko; zorua oso labainkor zegoen. Iturripeko arduradunei baimena eskatu zitzaien aldameneko atea eta larrialdietarako atea zabaltzeko, kondentsazio arazoa konpontzeko asmoz. Mantentze arduradunak telefonoz baimena eman zien ateak zabaltzeko; ez zen lan erraza izan ateak zabaltzea, denbora zeramatzaten-eta zabaldu gabe, baina zabaltzea lortu zutenean kondentsazio arazoa konponduko zela pentsatu zuten.

Jokalariak heldu ziren eta berotzen hasi ziren. Ikusleak ere iristen hasi ziren eta harmailak betetzen. Guztia prest goi mailako saskibaloiaz gozatzeko!


Baina Iturripe jendez betetzen hasi zenean, tenperaturak gora egin zuen eta kondentsazio arazoak okerrera egin zuen. Partidua hasteaz bat, konturatu ginen jokalariak arriskuan jartzen genituela eta horregatik, lehenengo laurdenaren amaieran, Ointxe!-ko ordezkariak epaile eta entrenatzaileekin bildu ginen, partidua bertan behera uzteko; harmailak beteta ikustean eta klubarekiko begirunea erakusteko asmoz, bi taldeek ahalegin berezi bat egin nahi izan zuten, eta jokatzen jarraitzea erabaki zuten. Baina bigarren laurdenaren amaieran partidua etetea erabaki zuten.

Eskerrak eman IDK Gipuzkoa, Araski eta epaileei beraien ahaleginagatik eta egoeraren aurrean erakutsitako begiruneagatik.

Eskerrak Iturripera hurbildutako zaleei ere; egoera ulertu zuten eta ez genuen beraien kexa bakar bat ere jaso.

Eskerrak ekitaldi hau antolatzen aritu ziren kolaboratzaile guztiei.

Klubarentzat hain garrantzitsua zen ekitaldi honetan izandako zorte txarraz berba egin dezakegu ala benetan aztertu gure herriak dituen kirol-instalazioen benetako egoera.

Saskibaloiak dituen baldintza berberak ditu eskubaloiak, areto futbolak,... Gure kasuan, 300 neska-mutiko, 27 talde eta 40 entrenatzaile ditugula kontuan hartuta, kirol-instalazioak gehiago erabiltzen ditugu eta ondorioz gehiago eragiten digula esan genezake.

Antoņan jokatu eta entrenatzen dugu; Iturripen ikusi dugun kondentsazio arazoa ohikoa da Antoņan; sarri utzi behar izan ditugu partidu eta entrenamenduak bertan behera Antoņan, jokalariak arriskuan ez jartzeko.

Musakolako kantxa nagusian dagoen argia ez da nahikoa izaten arratsaldeko azken ordurako. Urteak dira bertako markagailuak ez duela funtzionatzen.

Eta Iturripen, zorua egoera kezkagarrian dago, itzelezko hotza egiten du, urteetan itoginak izan ditugu eta orain kondentsazio arazoak.

Ez dugu uste honen errudunak direnik mantenuaz arduratzen direnak, ezta kantxak antolatzen dituzten teknikariak, eta ez dugu uste bidezkoa denik udala errudun izendatzea. Bidelagun izan ditugu urteetan; arazo baten berri izan dutenean laguntzeko prest azaldu dira (Musakolako markagailuaren kasuan ez ezik, ez omen du eta konponketa errazik); harreran daudenak askotan beraien jarduna luzatu behar izan dute partiduak beranduago amaitu direlako; Musakolan hirugarren saskia jarri digute, edo saski nagusiak jeitsi ahal izan ditugu txikienek saskibaloian jokatzeko; kirol-instalazioak behar izan ditugunean erabiltzeko baimena eman digute; Antoņarako haizagailuak jarri dituzte, kondentsazio arazoari aurre egiteko.

Jokalari kopurua kontuan hartuta futbol klubarekin alderatu beharko genuke geurea, baina ez da momentua futbolak dituen bitarteko eta kirol-instalazioekin alderatzeko; kirol-instalazio paregabeak, lokalak bere instalazioetan, edo diru iturri garrantzitsua den taberna.

Arrasateko kirol elkarteek eskatzen dituzten kirol-instalazioak ikuspuntu estrategiko eta estruktural batetik aztertzeko unea heldu dela uste dugu. Baloratu beharko dugu kirola eta beronen baloreak sustatzen dituzten kirol-taldeen eta norbanako herritarren kirolerako egokiak izango diren kirol-instalazio egokiak Arrasaterako. Kirol-instalazioen kaliateta zein izan behar den, berauen erabilera, gizartean izan behar duten garrantzia adostu eta benetan erantzun eskaerei.

Gure kirol-instalakuntzak zaharkituta daude; ikusi besterik ez hara eta hona goazenean ikusten ditugun kiroletxeak. Baina geurera etortzen dira ingurutik baina baita ere Cantabria-tik, Valladolid-etik,... eta askotan herri honek merezi ez dituen azalpenak eman behar izaten ditugu.

Egia da, bi hilabete bakarrik ez direla nahikoa izango beste herri batzuetan (Tolosa, Eibar, Irun, hernani, Aretxabaleta, Zarautz,...) dauden kirol-instalakuntzak geuk ere izateko.

Kirol taldeen eskaerei ez ezik gizarte guztiari erantzun beharko litzaioke. Baina erantzun egokia emateko arazoa mahai gainean jarri behar da, helburuak finkatu behar dira, eta adostasuna lortu ekintza lerroetan kirol elkarteekin batera, gure kirol-instalazioen egoera hobetzeko.

Amaitzeko, eskerrak eman, gure 50. urteurreneko lehen ekintza hauetan lagundu digutenei eta barkamena eskatu IDK Gipuzkoa eta Araski taldeei, eta baita ere, urtarrilaren 3an Iturripera hurbildu ziren zale guztiei. Zorretan geratu gara guztiokin!

Ointxe! Ointxe! Ointxe! MONDRA!

Ointxe!-ko zuzendaritza

Compartir:
facebook twitter yahoo! google meneame

azken albisteak