Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información
 | 

Crónicas

Txapeldunorde Ointxe!-Araski kadete mailako nesken taldea

Nesken kadete mailan, Euskadiko Txapelduna nor izango zen erabakiko zuen lauko finala jokatu zen Iturripen. Zapatuan finalerdiak eta domekan finala. Gure neskak finalerako txartela lortu zuten baina ezin garaipenik lortu Easo Slam taldearen aurka. Txapeldunordeak izan dira Ointxe!-Araski taldeko neskak. Zorionak!

Lauko finala zapatuan hasi zen jokatzen finalaurrekoekin. Lehen finalaurrekoan, donostiarrak nagusitu ziren, Gernikaren aurka (61-58). Lehen finalaurreko honetako argazkiak HEMEN, Angel Ayastuy argazkilariarenak.

Bigarren finalaurrekoan gure Ointxe!-Araski taldeko neskek Asador Gibajas taldea izan zuten aurkari. Partidu hasiera parekatu baten ostean, abantaila polita hartu zuten Alex Susok zuzentzen duen taldeak lehenengo laurdenean (26-15). Eroso zegoen Ointxe-Araski, eta partidua erraz irabaziko zuela zirudien. Hala ere, Asador Gibajasek ez zuen amore eman. Gogor defenditzen jarraitu zuten, eta erasoan asmatzen hasi ziren. Hori dela eta, markagailuan gerturatzea lortu zuten kanpotarrek, eta sei puntuko aldea zegoen atsedenaldian (41-35). Bigarren zatian kanpotarrek dinamika berean jarraitu zuten eta estu hartu dute etxeko taldea. Hirugarren laurdenean nahastuta zirudien Ointxe-Araskik, erasoan asmatu ezinik eta atzean sendotasun barik. Horren ondorioz, partidua berdintzea ere lortu zuen Asador Gibajas taldeak. Orduan izan zen etxeko taldea suspertu den unea, eta berriz ere lehenengo laurdeneko jokoa egiten hasi zen –54-50 hirugarren laurdenaren amaieran–. Laugarren eta azken laurdenean joko horri eutsi zioten etxekoek, eta amaieran bost puntuko aldearekin menderatu zuten talde gasteiztarra (67-62). Prtidu honetan benetan argazki politak atera zituen Angel Ayastuyk eta lotura HONETAN topatuko dituzue.

Garaipen horrek, finalerako txartela eman zion OIntxe!-Araski taldeari, eta finalean Easo Slam talde donostiarra izan zuen aurkari. Lehenengo laurdenean parekatuta egon zen norgehiagoka, eta etxekoak bi punturen aldea lortu zuten laurden honen bukaeran (15-13). Hala ere, donostiarrak hiruko jaurtiketak bata bestearen atzetik sartzen hasi ziren, eta bigarren laurdenean hautsi egin zuten partidua. Alex Susorenek ezin izan zuten erreakzionatu, eta atsedenaldira hamar puntuko aldearekin joan zen Jon Ormazabalek zuzentzen duen taldea (28-38). Bigarren zatian ez ziren gauzak aldatu. Hirugarren laurdenean donostiarrek zonakako defentsa ezarri zuten, eta Ointxe-Araskik erabat blokeatuta zirudien, defentsa horretan zirrikiturik aurkitu ezinik –esanguratsua da hirugarren laurdenean bi puntu baino ez zituela saskiratu etxeko taldeak–. Ormazabalenek saskira begira eraginkor jarraitu zuten, eta apurka-apurka aldea handituz joan zen. Hirugarren laurdenaren amaieran, 30-49 zioen markagailuak, eta laugarrenaren hasieran, aldea handiagoa ere izan zen –32-54–. Bukaeran, markagailua zertxobait txukuntzea lortu zuten Susorenek, baina bukaerako emaitzak argi utzi zuen donostiarrak gehiago izan zirela (46-61). Finalaean ere egon zen Angel Ayastuy eta sekulako argazki sorta utzi digu; HEMEN ikusi nahi badituzu.

Irabazi ez arren, taldeak egindakoaz harro azaldu da Alex Suso entrenatzailea. "Jokalariek uste dutena baino gehiago lortu du talde honek. Iturripe goraino beteta, hainbeste jende etortzea animatzera, liga osoan bostpasei partidu bakarrik galtzea, eta gaur txapeldunorde izatea harro egoteko modukoa da". Oraindik ez da denboraldia amaitu, ordea, eta Espainiako txapelketa dute hiru aste barru Valentzian –maiatzaren 19tik eta 25ra–. Nerea Kabue jokalaria gogotsu azaldu da hitzordu horretarako. "Orain ondo entrenatzea dagokigu, eta ea zer egiteko gai garen. Lehiatzea eta ondo pasatzea izango dira bi helburu nagusiak, eta ahalik eta emaitza txukunena lortzea", azaldu du.

Zorterik onena opa diegu!

Mondragon Unibertsitatea
Mondragon Lingua
LANA
Alkideba
Laboral Kutxa
Obra Social La Caixa
ikerlan
ERAÑA AHOLKULARITZA
IBAIARTE